Ekodiseinua: diseinu industrial berria ekonomia zirkular berri baterako
20 urte baino gehiago igaro dira Euskal Autonomia Erkidegoan lehen ekodiseinu proiektuak gauzatu zirenetik. Enpresak hondakinak minimizatzeko eta prebenitzeko praktikengatik hodi amaierako soluzioak deiturikoak uzten hasiak ziren testuinguru batean, 2000. urtean, Ihobek "Ekodiseinuaren eskuliburua: 7 urratsetan inplementatzeko operatiba" argitaratu zuen. Eskuliburu hori sortu zen euskal enpresei bizi zikloaren ikuspegia duten produktuen ekodiseinuan lehen urratsak emateko irizpide eta tresna errazak eskaintzeko.
Denbora horretan guztian, euskal enpresa askok txertatu dituzte ingurumen irizpideak produktuen diseinuan beste faktore bat bezala, ohiko faktoreez gain, hala nola kalitatea eta funtzionaltasuna. Horren erakusgarri dira "20 urte ekodiseinuan. Made in Euskadi" katalogoan (Ihobek 2021ean argitaratua) jasotako 150 produktu baino gehiago edo “ZIRKULARRAK: Basque circular products exhibition” erakusketa ibiltaria, 2022 eta 2023an ikusgai jarri dena.
Gaur egun, Ekodiseinua erdigunean dago kokaturik Europako Itun Berdearen testuinguruan. Baina ekonomia zirkular baterako ekodiseinuaren ikuspegia zabaldu egin da. Ekodiseinuaren jatorrian, duela 20 bat urte, "Bizi zikloaren pentsaera” edo “Life Cycle Thinking” kontzeptua lantzen zuten. Lanerako esparru horrek bizi zikloaren etapa guztiak hartzen zituen aintzat, eta aztertzen zuen ea nola hobetu zitezkeen ingurumenaren ikuspegitik, birziklapenaren bidez produktua bere bizitzaren amaierara iristen zenean, zikloa itxita. Alabaina, ekonomia zirkularrak beste pauso bat egin behar du, izan ere, bizitzaren amaierara iritsi aurretik zikloak ixtean pentsatu behar da, eta horretarako, “Diseinu zirkularraren pentsaera” edo “Circular Design Thinking” txertatu beharko da. Pentsaera esparru berri hori urrats bat harago doa, eta, bereziki, balio atxikipena eta zikloen etengabeko itxiera birplanteatzen dira. Helburua da baliabideen fluxua hainbat ziklo itxitan erabat ixtea: produktuen biziraupena luzatuz, produktuak berrerabiliz, edo piezak, materialak zein lehengaiak berreskuratuz.
"Bizi zikloaren pentsaeran" oinarritutako "ekodiseinu tradizionala" prozesuen optimizazioan eta ingurumen inpaktuaren murrizketan bakarrik oinarritzen da; "ekodiseinu zirkularrak", berriz, produktuen balioa mantentzea eta berreskuratzea ere badakar, etapen zirkulartasunaren bidez.
Helburu horrekin, Ihobek ekodiseinuaren eskuliburua berritu eta eguneratu du, ikuspegi berri hori txertatuz. Lan berri hori da, hain zuzen, jardunaldian aurkeztuko dena.
09:45 – Bertaratuei harrera egitea
10:00 - 10:15 – Ekodiseinuaren zeregina Ekonomia Zirkularrean. Rikardo Minguez. EHU/UPV
10:15 - 10:30 – Ekodiseinuaren lege esparrua: produktu jasangarrien ekodiseinuaren Europako erregelamendu proposamena. Jose Maria Fernandez. Ihobe.
10:30 - 10:45 – Ekodiseinua eta normalizazioa: Europako arau berriak, produktuen zirkulartasunaren alderdi guztiak neurtzeko. Juan Carlos Alonso. 23 de setembre.
10:45 - 11:00 – Ihoberen “Ekonomia Zirkular baterako Ekodiseinuaren Eskuliburu” berria. Elisa Toscano. Grunver Sostenibilidad
11:00 - 11:45 – MAHAI INGURUA: Ekodiseinuaren zeregina euskal enpresen lehiakortasunerako palanka gisa.
Parte hartzaileak:
- Carlos San José. Industria-diseinatzailea eta Euskal Diseinuaren Elkartea- EIDEko lehendakari ohia
- Rikardo Minguez. EHU/UPVko ‘Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularra’ Masterreko zuzendaria
- Ana Mezo. Ihobeko ETEei laguntzeko proiektuen arduraduna
- Jon Kepa Izaguirre. A&B Laboratorios de Biotecnología SAUko kudeaketako zuzendaria
Dinamizatzailea: Jose Maria Fernandez. Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendaria.
11:45 – Basque Circular Hub - Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako zerbitzu aurreratuen zentroaren aurkezpena eta bisita gidatua.
12:00 – Jardunaldiaren amaiera